Xora filmaren kronika



XORA
Xoraldi baten kronika

Üztailaren 18a
Astelehen goiza. Gotainen bilküra, herriko Kursaalaren ondoan. Arbailako bortüak lanho-txapela kaskoan. Xora-team kasik osoa heltürik : Pariserik, Toulouserik, Donostiarik, Hendaiarik, Landesetarik...eta Muskildirik, Maulerik, Altzabehetirik, Gotainerik, Sohütarik... Eüskarazko filma, xiberotarrezkoa ! lehen hitza euskaraz, prefosta, eta bakotxak bere bürüa aurkezten izenaz, izanaz, afizioz, ofizioz : züzendari, « Chef-op »-kamera nagusi, eskripto, aktore, kamerako bigerrena, kamerako hirugerrena, züzendari lagüntzale, kafe ekarle, antolazale, aktore, gehienak hor. Eta gük hitz berriak ikasten. Grabaketako egitarau bedera emaiten, egünez egün, orenez oren, agerraldiz agerraldi, planoz plano...eta Xiberoa Xibero ! Lehen gaütik dena aldatü behar : ebia protagonisata nausi ! Barnen gireno ateri, kanpoan plantatü ordüko ebi. Hiru astez aro txarrarekin jokatzen, bena iheska-lasterka jokü hortan denak oro egiten haatik. Zeren hiru aste beita « Red » kameraren sabelealat XORAko itzal argien oroen sarrarazteko, ez lau, ez bost, ez jakin, bena bai egin. Eta Durangoko bulego hartako elkarrizketa gogoalat horra :
« Zük Peio (Cachenaut), beste filmarik egin düzüa ? – ezetz ! Eta aktoreak ari izanak dira zineman jada ? – ezetz ! Eta taldekoek lüze metrairik egin düea jada ? – ezetz ! Eta.....Eta..... »
Ertzo ginenez ez dakit, bena Baleuko ekoiztetxeko kideen begiak ikusirik, üdüri dü hala girela ! Haatik ber denboran, ber jenteek, ber soek, gure ber ametsa partekatzen düe : Jo ta ke Xora egin arte ! Ertzokeria balinbadügü, ez da bürüan ohatzen, bihotzean baizik : « Xiberotarrak ez dü bihotzik, kantua baitu bihotz » dio Josean Artze lagünak. Eta aurten sortzen ari den « kantore » berria Peio Cachenauten bihotzean dabil tai gabe aspaldi hontan, lau urte hontan, ez beita güti. Frütüa zohi da ; Peio zühaintzea bezala funtsean. Ez dira frütüak hütsetik sortzen. Düala lau urte Etxebarre 007 Hebentik-ekin, düala hamar urte Matalaz ikusg(harri)garria. Ütürri zaharrak beti hur berria.

Zer ? filma bat ?
Nola ? Eüskaraz, xiberotarrez ? Bai phürü ! Non ? Xiberoan ! bai prefosta ! Norekin ? Xiberotarrekin ! Nontik ? HEBENTIK ! Zapartagarria !
Hebentik-en xokoan Mauleko Matalaz karrikaren 4an, eztabada : abiatü, bai bena nola, baietz abiatü, bai bena nola, ez da gure « baratzea », bai abiatü, bai bena... bai eta baietz besterik ez ! Beti bezala lehenik zankoa ezar, eta gero bürüak jarraiki behar ! Behar ere, nonbait, bestelan ez ginen abiatüko ere. Eta honi pentsatü düzüe ? ez egia erran, eta hari galtatzea pentsatü ? bai bena berantegi, eta gü ttipiegi, eta ez profesionalak... Halerik ere ez gira Xiberotarrak gihaur lür axal hontan, mendre lizateke hala balitz : aüzoen beharra dügü gure baratze berri honen jorratzeko. Eta aüzoak hor : herritarrak, beti bezala ürrezko lagüngoa euroz eta besoz, Aldudarrak Arrosan, bideo lanetan tira ahala, Baleuko Durangon, filmak ekoizten tira ahala, eta aüzo lehenak : Mauleko herria, Xiberoako Herri alkargoa, hau frantses instituzioekilan zübi.

Moteur, ça tourne !
filma eüskaraz, hitz hanitx frantsesez...hala beita gurea ! denetarik haatik, eüskaraz honekin tarrapatan, espainolez harekin tarrapatanago, frantsesez ere beharrez...Aloña, Juana, beste Juana, Peio, beste Peio, Aulne, Leo, Richard, Suzanne, Arnaud, Alain, Jeremie, asto bakotxak bere orroa. Jef makillatürik, bülegoan aritzeko prest, Universal Studio of Bista Eder, laborantza lizeoan ! lehen grabaketa egüna, parka, gaüa. Coupez ! Uste beno llabürrago, ebia « figurante » gisa heltü beitzaikü. Bena dena ezin gibeltü, ondoko sei gaüak xuritü, planak kanbiatü, barnekoak grabatü ahal oroz, bena barnen ezin baratü, ordüan kanpoan plantatü, Ahüzkiko olhan, lantzerrarekin, Santa Grazi gainean hotzarekin.

Üztailaren 23a
Neskenegünarekin ? Zinka ostatü altean hamarnaka figuranterekin. Egin beharra ? sinple : Jef, gure fimako « X-ak » jarraiki behar bankutik Zinka gibeleko kontzertüalat, zointan bere « Hollywood » osaba behar beitü baratü. « Steady-cam » berezi bat jinarazi dügü hortarako, « plan sequence » lüze honen hartzeko. Kamera honen gibelean beste Richard bat, azkar bezain karana, ez beita egitekoa egünoroztako akodiña ! Mandoa bezala bastatürik, Peioren manüari para, « action », eta aitzina ! « c’est pas mal » dio Peiok, « arrahas » besteek ontsa konprenitürik . Zinegela ülün batetan aktore bat ber bera ülün pean badabila, eta nork erran liro halako jentezionea düala gibeletik so. Nork ? Elsak, behar bada, harek jarraikitzen beitütü gibeleko gorabeherak, making off delakoaren egiteko. XORA hortan, denek ikasten, hala beita helbürüa ere funtsean. Xiberoa Zinez...
.    108. planoa. Arrahas. Laugerren aldia, bostgerrena, figurantek garagardoa, lehena, bigerrena...azkena ? Azken hura berant, oso berant, pazientzia ikasten beita ofizio hortan. Eta zainen heinean etxekitzea. Hamabosgerrena : « C’est bon ! » bai bena ez da hortan ürrentü, gaüko zazpigerren kafea eta eszena delikatü hura ühaitz bazterrean egitekoa, Inesa gaztearekin, argi azkorrian . Eginik, c’est bon !

Aktore lana
Filma hortan aktore güziak xiberotarrak, aüzoak hots. Peiok gidoia asmatü arau ikusten beitzüan nor zatekean haütü pertsonai bakotx. Eta harrigarri nola bakotxa sartü den ixtoria hontan, egünez egün zohitü ere, ürratsa eta soa segürtatü, nahiz eta gaitza zen egitekoa zonbaitetan : X eta gizon beltza gaüaz borrokan Santa Graziko errekan, X eta Hollywood hizketan olha aitzinean, hor mogimentü güti bena hitz eta jestü bakotxak zoin xüxen behar ! zonbat plano halako, sinple, tipil üdüri, bena hain barna. Jefek, Titikak, Xantianak, Inesak, Allandek, Michelek, Jean Mariek, Pakok... bakotxak badaki hortaz hanitx ! Ehaite batek ere erakatsi behar, odolak eta oro ! Zineman bezala erraiten ahal bada !

« Eta zü zer ari zira ixtoria hortan ? » galtatzen deitade.
Papera ikusirik, « producteur exécutif », ez beinakian zer zen batere,
bena fite konprenitü : kafe ekarle, sos biltzale, prentsaren ziukazale, petto egile ene gisa, mahain karreazale, petto konponzale besteen gisa besteak beste. Lazteko kirola beita zinema egitea. Aüzo lan bezain talde lana. Hogei bat jente, egünoroz bazkari, aihari, « cattering-anhoa », eta horik « bazter güzietako xokorik zokoenetan. Aitzinetik lana ontsa prestatürik züen halere : story board-a eginik, agerraldi bakotxa argazkitan hartürik, planoz plano, Arnaud Mauletarraren eskütik. « Peio Lynch » debrü horrek filma eginik beitzüan bürüan, hiru ehün eta piko plano hurak bedera bedera hüstiatürik zer, non, nola, eta aktoreen hünak zer dion ere. Kameraren üngürüan direnak oro irudi-kirol hortan erauntsirik dira, bata telebistan, besteak zine eskolatik elkitzen, Parisen, Madrilen. Eta « action » eta « coupez » ozenez züzendari lanetan ari dena Muskildiar bat, zineman seküla santan erauntsi ez den bat, bena artezale, literatüra, müsika, filosofia, autodidakta, norat ari den dakiana. « Hanitx dakianak hanitx maite dü, eta hanitx maite düanak hanitx daki », J. Artzeren hitzetan. Filma hortan ez dirate ürri erreferentziak Peiok maite eta jorratü dütüan sailetakoak.
Üztailaren 24a. Igantea. « Gaüazko astea » igaran. Egün bat pausü. Hunki jina. Eta bigerren astea presta. Jeremie lasterka esküin exker arratu pozuatüaren gisa, « accessoiriste » titülüa beitü abentüra hontan ! Pausa ondoko egüna. Gaitza. « Moteur » delakoaren arrapiztea nekez. Bena taldea hor oso osoa. Pariserik jin zaikün Suzanne gazteak begia zorrotz, eta hala behar, pettorik ez egiteko ; esküinetik sartü behar, ezetz, baietz, hau ez da zineman egiten, ez bena hontan baietz eginen... eztabadak sano eta gogor ere noiztenka. Tentsioek konpontü behar, eta konpontzen ere jente gisa. Hau da talde lana. Denek egünez egün alkar ezagützen. Eta lagünaren itzalünea ezagützen denean, hobeki moldatzen zira gero. Bakotxa bere leküan bena jentetarzüna hor. Zinema eginez bizi-ikastaldia egiten beitügü. Eta alkarrekin bizitzea zer zinema haatik ! Alain, Toulouseko « chef electro » delako argizaleak bazakian norat ari zen, filma handiak eginik, bai eta gurea bezalako « film-galère » ere bai, berak deionez ! Eskarmentü handiko gizona, eta harekin dütüan bi gazte erne horiek badüe zer ikas eta zer egin : bardin minuta erdiko plano batentako bi oren behar argitzeko. Gaü beltzenean goizanko argia leihotik sarrarazi behar bada, hari galta !
Hiru aste hola tiroa bezala igaran, batean bortüan bazkaria, non graba eta han bazka, kafe, ardu, goxoki, bero, hotz...hortan ere aüzo lana : lagüntzaleak apaidü egile, Bista Eder lizeoko sükaltariek bi astez, alkarteko lagünak gero, halaber Mauleko ostalerrak... filma bat ikus daite jan gabe, bena ez egin ala fede !
« Catteringa non dago ? » Lehen anhoa zioen, orai aldiz Casenaveren hiztegiak hitz berri bat balüke.


Eta artea arte hortan ?
XORA arte obra beita halerik ere hastetik bürü. Bere haütü etiko-estetiko güziekin. Peiok ontsa badaki hau, hastetik bürü. Bere gain hartzen dütü horik oro, bere üngürükoak biltzez. « Coupez » deionean larderia zerbait emaiten dü, botz ozenez beitio eta « arrahas » deionean ere bardin. Bena hanitxez haratago doa bere egitekoa. Zerbait galtatzen düanean erranen deizü nontik norakoa, so hau zertako nahi düan, ürrats hau zergatik baratxago, hitz hau nola elki, kamera mogimentü hau nola egin. Besteer behatüz, hala ikasten beita beti, bena berea argitüz eta halabeharrez hoberena haütatüz. Ez beita sinple ixtoria baten kontatzea eszenak nahasteka grabatüz.
Eta arte hortan, Xiberoa zinez !
Ber denboran Xiberoko plazetan, Zinema ! Zine, zinez, Xiberoa zinez. Bost herri, bost arrabotü, bost gaüaldi, bost filma erakutsirik, dokumentalak, fikzioak ere, gure herriari bost so desbardin, bost
aldiz XORA filma aipatü, bost aldiz aro goxoa (miraküilüa üztaila hontan !), bost aldiz herritarrek gogotik hartü, oihal xuria paretan, bi pastetx eta... « Mega CGR of Hebentik » Ainharben, Etxebarren, Liginagan, Maule Gainean eta Zalgizen !

Agorrilaren 11a. Ostegüna. Azkenean hiru aste igaran eta grabaketa ürrentü ? ez txit ! Halako « lasterkaldi » trinko trinkoa beigünüan, hatsarretik ontsa bagenakian. Desfioetarik bat hor zen ere. Lagüntzale hanitx izan bada, aroa ja ez zen beti haietan ! Halere plan güziak kasik « sartü » balinbadütügü, bakant zonbait egiteko orano. Eta ez zoin nahi. Ez beitira nola nahi biltzen ahal Pista bortüko builtreak filma batetan. Lehen batez ardia hil bai, bena lanhua kümit. Azkenekoz bigerren « sakrifizioa » bürütü, Pista olhalteko harrespilla baten erdian. Builtre jaunak jin eta beren ofizioa egin kameraren aitzinean, aktore gaitzak beitira.
Jef gure « izarrak » azken planoa egin, bidean jin, bidean joan eta ... « Coupez » ! Orai « post-produkzioa » eta XORA-menaren biharamena : montaketa, musika... eta zabaltzea gero.

Izarrak
XORA filma oro izar, batak argi besteak beltz. Ikus ezina aipü, gizon beltzaren gisa. X heroiak ikusten ez düana bezala XORA abentüra xora-zoragarri hontan gaüza andana bat ezin ikus, edo ez ikus ehi, bena ontsa sendi : norberaren bürüjabetza, bürhüngürü noiztenka, bena bürü egin eta azkenean bürütü. Ez dea hau funtsean bizitzea : lo ixil batetarik amets ozen batetara igaraitea ?

Xiberoko eüskara, abil zine gelara.

Irabarneko aize epailea
Mixel Etxekopar 2011ko agorrilan

photos Nicolas Ugarte

Aucun commentaire: